Microsoft Espainiako lehendakari andrea: “Susperraldi ekonomikoa 2010eko azken hiruhilekoan iritsiko da”
María Garaña, Microsoft Espainiako lehendakari andrea, baikor agertu zen atzo ekonomiaren egungo egoerari dagokionez, eta 2010eko azken hiruhilekoan gertatu daitekeen susperraldiaz mintzatu zen.
Egin zuen analisiaren arabera ?bere bezeroen jokamoldean oinarritzen da?, enpresa handia nahiko ongi dago; krisiak enpresa txiki eta ertainetan eragin du gehienbat baina, suspertze bat adierazten ez badute ere, salmenten gainbehera moteldu dute dagoeneko; eta kontsumitzailea ere aski ongi jokatzen ari da, Interneteko munduarekin erlazionatutako gauza guztiak gero eta gehiago saltzen baitira. Zehatz-mehatz, jokoen salmentak handitzen ari dira gehienbat, batzuen ustez, jendea, krisiaren eraginez, gero eta gehiago gelditzen baita etxean. Beste datu positibo bat: 2010ean, orain arte, %1,3 handitu da ordenagailuen salmenta Espainian; 2009an %0,9 jaitsi ziren salmentak ?sektoreko historian gertatutako lehen gainbehera izan zen?.
María Garaña izan zen atzo egindako informazio saio bateko protagonista. Nafarroako Kutxako administrazio kontseiluaren eta kontrol komisioaren aurrean egin zen hori, eta bertan gai honetaz hitz egin zuen: “Berrikuntza ekintza arloan: egungo erronkarako erantzuna”. Gero, komunikabideekin bildu zen.
Microsoft Espainiako lehendakari andreak bere hitzaldia enfokatu zuen I+G kontzeptuan. Bere ustez, apaldu behar da hori, “berrikuntza aplikatua” baita garrantzitsuena; izan ere, teknologiak enpresen ekoizpen prozesuaren kostua jaisten du, eta gehiago saltzen eta kostuak murrizten laguntzen du. Adibide gisa, teknologia berriek energiaren kostua %30 murrizteko aukera ematen dutela esan zuen, eta bidaia gastuak, beste %30. Dena dela, aipatu zuen prestakuntza dela teknologia berriak enpresetan sartzeko oztopo nagusia. Horri dagokionez, ekimen publikoaz zein pribatuaz hitz egin zuen eskaintzari laguntzeko, eskariari prestakuntza emateko eta enpresa-sortzaileei ere laguntzeko.