CAN eta CEN erakundeek 430 milioi euro jarri dituzte enpresa nafarrek erabiltzeko moduan
Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak (CEN) eta Nafarroako Kutxak (CAN) sinatu zuten, joan den martxoaren 12an, ostirala, elkarlanerako hitzarmen bat. Horren bidez, finantzabidea erraztuko zaie Nafarroako enpresa, denda eta autonomoei. Hitzarmen berriak bi erakundeek 2009ko urtarrilean sinatu zutena ordezkatuko du, eta 430 milioi euro jarriko ditu CEN erakundeko kide diren enpresek finantzabide gisa erabil ditzaten.
Zehazki, CANek konpromisoa hartu du finantzazioko bi lerro espezifiko irekitzeko: bata, 400 milioi eurokoa, bideragarria den edozein finantzaziotarako, eta, bestea, 30 milioikoa, aktibo produktiboetan inbertsio berriak egiteko. Azken hori, %3,45era hasierako bi urteetan, eta ohiko baldintzetan hurrengo urteetan. Finantzazioa egiteko, honako hauek hartuko dira kontuan: eragiketa bakoitzaren ezaugarriak (bereziki, zer sektore den oinarri hartuta), enpresaren kaudimena, finantzatu beharreko proiektua eta amortizazio-epea.
Osagarri gisa, CANek konpromisoa hartu du hainbat banku zerbitzu eskaintzeko (diruzaintza kudeatzea; finantzazioa ematea epe labur eta luzera; finantza eta estrategia laguntza; enpresa eta pertsonak aseguratzea; ordainbideak izatea; negozioa nazioartekora eramatea logistika-, finantza- eta merkataritza-laguntzarekin...).
CANek enpresa onuradunekin garatuko ditu, baita ere, aurkeztutako proiektuari egokitutako finantza soluzioak, pertsonalizatuta. Helburu hori lortzeko, CANek konpromisoa hartu du produktu espezifikoak diseinatzeko, Hitzarmena zaintzeko Batzorde Paritarioak atzemandako beharrei erantzuteko.
CEN erakundeak, bere aldetik, kide diren enpresen artean sinatutako akordioa zabaltzeaz gainera, hainbat jardunaldi edo saio espezifiko antolatuko ditu CANekin elkarlanean. Horiek, finantzazio hori abian jartzeko eta erabiltzeko aldez aurretik aukeratu diren sektore eta enpresei zuzenduko zaizkie.
Hitzarmena behar bezala gauzatzen dela zaintzeko ?hitzarmena indarrean egongo da 2010. urte osoan zehar?, Batzorde Paritario bat eratuko da. CEN erakundeak izendatutako hiru pertsonak eta CANek izendatutako beste hiruk osatuko dute hori. Batzorde hori hilero bilduko da, hitzarmena nola garatzen den ezagutzeko, ebaluatzeko eta laguntzeko.
2009an sinatutako konpromisoa berritzea
Joan den ostiralean sinatutako hitzarmenaren ondorioz, berritu eta berriz zehaztu da CENek eta CANek 2009ko urtarrilaren 23an izenpetu zuten akordioa. Haren ondorioz, 200 milioi euro jarri ziren enpresek erabiltzeko moduan. Kreditu eskari handia zegoenez, maiatzean zenbateko hori handitu egin zen, beste 200 milioi euroko kreditu berri bat irekita. Hori kide diren enpresen edozein motatako finantzazio bideragarria egitera erabili zen. 2009ko azaroaren 15ean ia agortuak ziren jada konprometitutako lerroak. Izan ere, horien kargura 386 milioi eurotik gorako mailegu eta kredituak eman zitzaizkien enpresa nafarrei.