Civicanek aukera eman die herritarrei bere programazioa zehazteko
Civican parte-hartzea bultzatzen duen zentroa da gehienbat. CANeko bezeroa izan edo ez, edozeinek aukera du, besteak beste, ikastaro, hitzaldi eta jardueretara joateko, edo, bestela, gizarte entitateek bertan antolatzen dituzten jardueretan parte hartzeko.
Orain, Interneten eta gizarte sareetan duen presentzia zabaldu du zentroak. Bere erabiltzaileekiko elkarrizketa eta elkarreragina aitzinatzeko ireki du jarduera, parte hartzeko bide berriak abiatu, eta, batez ere, programazioan parte hartzeko bidea eskaintzen die. Gainera, Civicanek konpromisoa hartu du iradokizun eta eskaera guztiei 72 ordutan erantzuteko.
Civicanek herritar partikularrak gonbidatzen ditu zentrora jotzera, beren iradokizunak eta aholkuak adierazteko. Zentroak kalkulatu du programazioaren %35a bere erabiltzaileen nahien arabera egina izanen dela hurrengo hiruhilekoan. Hori lortzeko, Civicanek ekarpenak jasotzeko kanalak zabaldu ditu. Egundaino, hainbat bide eskaintzen zituen Civicanek xede horretarako, besteak beste, ikastaro eta jardueretako inkestak, iradokizunen ontzia eta zentroko profesionalekin egiten ahal ziren aurrez aurreko solasaldiak. Horiez gainera, bide berriak irekiko ditu hemendik aurrera bere erabiltzaileekin komunikatzeko: twitter (@civicanBC), telefonoa (948 07 43 43), sms mezuak eta hurrengo hilabeteetan abiatuko den webgune berria (egiten ari da). Civicanek aurreikusi du aurtengo azken hiruhilekoan 1.600 proposamen inguru jaso eta kudeatuko dituela.
Proposamenak jaso ondoren, Civicaneko profesionalek ondoko irizpideen arabera baloratuko dituzte: zentroaren filosofia eta hango egutegia eta guneak; Civicanen behar teknikoak eta baliabideak; ekintzak izandako arrakasta, lehen egina bazen; eta bideragarritasun ekonomikoa: Civicanen halako jarduerak gauzatzen ahal dira CANeko bezeroek "Zeuk aukeratzen duzu: zeuk erabakitzen duzu" ekimenean gizarte proiektu gisa hautatzen baitituzte.
Aurten, gizarte entitateek (GKEak, Civican Gizarte Komunitatean parte hartzen duten fundazioak eta elkarteak) zentroaren programazioan parte hartu dute jada, eta, egundaino, 452 jarduera egin dira propio: hitzaldi zikloak, zinema proiekzioak, kontzertuak, eta erakusketak, besteak beste. Era berean, 32 ikastaro antolatu dituzte, bertako ingurunera egokituak eta esklusiboak: igeriketa eta sukaldaritza ikastaroak, ahalmen urriko pertsonentzat; arte eta kantu tailerrak kultur alorreko erakundeetan, etab.